PROKRASTINAZIOAREN ONDORIOAK

domingo, 12 de diciembre de 2010

Zain

Askotan, udazken euritsuetan, labezomorroak joaten ziren agurearen egongelara sukaldeko zokotik babes bila. Mahaiaren gainean jarritako besoetara igo eta eskuetatik igaroz eskalatzen zuten, oin finak abiadura azkarrean mugituz, eskua, ezpain parera iritsi arte.
Armiarmei bizar sarea igarotzeko baimena eskatu ondoren ezpainak ireki eta mingain bustiaren laguntzaz txirristatik behera irristatzen ziren segida-segidan sabeleraino. Agureari kili-kilia egiten zioten barrenean, aspaldiko partez, hankatxo bihurriez.
Bertan aurkitu zituzten behin baino gehiagotan garai batean gustura hegan egiten zuten hildako tximeletatxoak etzanda, seko. Horietaz elikatzen ziren gutxienez sabelari noizean behin burrunba egitera bultzaraziz, harrapaketetan edo ezkutaketetan jolasten ziren egunetan.
Brrrrr!... agurearen sabelak. Eta honek bizirik zegoela ziurtatzen zuen behintzat, behatz bat bera ere mugitzen ez zuen arren, bizi zenaren seinalerik ematen ez zuen arren. Kandelaren argitxoari begira zeramatzan azkeneko hilabeteak, zimurren artean, hezetasuna eta zikinaren nahasteaz xoxo-belarra irteten hasi zitzaiolarik kopeta partean. Poliki-poliki kandelaren argia ugertuz zihoan bezala gelaren hezetasuna hezurretaraino sartzen hasi zitzaion, onddo ttipiak agertuz joan zirelarik azalaren barrunbetan. Betazalak itxi ere ez zituen egiten kandelaren argiari begiratzen zionean, plater zuriak ziruditen begi esferek. Noizean behin etortzen zitzaizkion lakuko apoak egongelara. Sorbalda gainera jausi egin eta mingain luzeaz begiak bustitzen zizkiotelarik begi niniak miazkatuz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario