PROKRASTINAZIOAREN ONDORIOAK

lunes, 25 de febrero de 2013

Bizitza bat

 
Ukitzen ditu paretak, baina badaki mugiezinak direla. Beti izan dira. Horregatik dira pareta. Ez zuen uste ordea pareta batek hainbeste suposatuko zionik. Ez baitzen izatez altua. Zabala. Sahara eta Maroko bereizten dituen bezalakoa, txarrantxa eta guztikoa. Pareta fina zen. Kristalezkoa. Eta hori zen agian min handiena egiten ziona, hain muga ahula muga izatea, gardena zen beiraren kontra behin eta berriz talka egitea. Eta talka egiten zuen bakoitzean lurrera erortzea, beti lehenengo aldia balitz bezala. Nintendo colorreko pantailan bezela sentitzen zen, Mario Bros bat obstakuluak saltatu, bideko txanponak hartu eta txingurri eta karakolak akabatzen. Pareta garden horretara heltzean ordea, beti harrapatzen zion denborak... aurrera egin, eta hil egiten baitzuen. Game over.  


martes, 17 de abril de 2012

Hari bola gorputza balitz eta hariak nerbioak.
Hariz trentzatutako soka litzake bizitza.
Hariak apurtuz doaz, gastatuz,
arrazoi ezberdinengatik moztuz, eta beste hari batzuk gehitzen dira trentzara.
Beste hari batzuk jaiotzen dira.
Kolore desberdinetakoak. Itxura desberdinetakoak.
Denbora joan ahala soka aldatzen delarik,
trentzako hari bakar batengatik bada ere,
bere itxura.
Kiribilduz joaten da, eta osatzen du bola.
Hari bola gorputza balitz eta hariak nerbioak.
Ziatikoa moztu didate.
Eta min egiten du.

viernes, 30 de diciembre de 2011

Bakardadeak

Norbait bilatzen duenak
edonor aurki dezake.
Bihotz hutsentzako kalte;
beteta daude tabernak.
Eta bertan sartzen denak
ezin du bakarrik irten;
sekula ez da jakiten...
Irriak irrien truke...
Bi bakardadek ez dute
bikote ona egiten

Gorputz desesperatuen
galduriko bi arima
-patuaren bi biktima-
gauak elkartu zituen
ahalik eta estuen
ilusioen habian,
alkoholaren ausardian:
"Agian nahikoa edanda..."
"Agian gaurko parranda..."
"Batek daki, gaur, agian..."

Beroak sua du amets.
Mutilak Wistona ketu
eta neskari galdetu
zigarrorik nahi duenentz.
Neskaren ezpainek, ezetz:
Bere ezpainen umela
soilik desio dutela
esan diote irrikan,
Wistonaren inbiritan
baldin baleude bezela.

Neskaren elkarrizketak
mutila konbentzitu du:
"Marraztuko al ditugu
haragizko tximeltak?"
Ta hasi dira ferekak...
Ta desio lurrundua
elkartu den segundua
Ez dakit existitu den.
Elkar irentsi nahi duen
bikote bat da mundua.

Berandutu den idean
Itxi diete taberna,
betiko proposamena:
"Zurean edo nirean?"
Eta etxera bidean
Amodioaz hizketan
Eta gelako krisketan
Ezpain puztuen irria
Gaur ere itsaskirria
Izango da maidiretan.

Izerditik izerdira
Arnasestuak zabaldu
Izara artean galdu
Eta barrura begira
Batera lokartu dira
Baina ez dakit zergatik
Edo agian badakit
Zurrunkak zurrunka truke
Biek amets egin dute,
Bakoitzak bere aldetik

Egun berri bat jaiki da.
Arropak agudo jantzi
Eguzki pintzak distantzi
Bilakatu ote dira?
Orain, elkarri begira
gauak emandako xarma
Egunsentiak darama
"Benetan ondo pasa dut
Agian deituko dizut
Beste bat arte laztana"

Ahalik azkarren handik
Alde egin beharra dago
Bezperan baino hutsago
Sentitzen dira oraindik.
Ta bi bakardade handik
Lehenago ez zekiten
Orain ez dakit dakiten
Damua damuen truke
Bi bakardadek ez dute
Bikote ona egiten

Jon Martin eta Igor Arruabarrena

viernes, 22 de julio de 2011


Amona zaharrak bere agonian eutanasia legezta zedin
eskatu zion jainkoari, otoi erruki.



Eta bitartean etxeko koloretako arrainek kristal barrutik
flipatu egiten zuten, 
koloretan.




martes, 5 de julio de 2011



Begiratu. Begiratu ingurura. Zutabeak eraiki dituzte jada hartxintxar gainean, lepoa altxatzera behartzen gaituztelarik oraindik guztiz osatu gabe dagoen eraikina osotasunean ikusteko. Eskua izter gainean jarri zion golpe leun batez, lehor. Melankonia apur nabari zitzaion begietan, begiradan, eguzkia zementu artetik sartzen ikusten zuen bitartean. 

Banku horretan eserita igarotako ordu guztiekin oroitzen zen, burua bere beso gainean sostengatzen zuen bitartean. Une askoren jabe bilakatu zen lekutxo hura, habitat espezial modukoa. Euren bizitzako eguzkiaren sar irten asko lapurtutakoa zen herri kanpoan aurkitzen zen aulkia; Erromara, Greziara, Indiara bidaiatzea ahalbidetu zuen Aladdinen alfonbra magikoa. 

Itsasoa ikus zitekeen urrunera, mendien babesean. Larre luze berdeak estaltzen zuten, koloreen armoniak harik eta espezialagoa bilakatzen zutelarik bi txoritxoen txokoa. Eta biek hegan egiten zuten haranean zehar, ametsetan. Itsasoko arrantzaleak kontrolatzen zituzten zerutik, euren barkutxoetan sareak ondo jartzen zituzten bitartean. Mendi magaletako ardiak kontatzen zituzten, laino artetik galanperna borobil eta zuriak ziruditelarik. 

Zuk biltzera joan nahi izaten zenuen, beherantz joateko imintzioa egiten zenuelarik hegaldi erdian. Nik galarazi egiten nizun, ezetz esaten nizun, badakidan arren onddo nahaskiak ikaragarri atsegin dituzula. Dena ez baita dirudiena. Berdina esaten zenidan lainoak azokako azukrezko kotoia bezala jango nituzkeela esaten nizunean. Ezetz. Lainoak ezin direla jan, euren lekua horixe dela. Dena ez baita izatea nahiko genukeena, batzuetan.

martes, 22 de marzo de 2011

botoi zopan Zulorik ez,



Eta zergatik galdetzen diozu begietara begiratzean. Zergatik egiten ote zioten min etxe lerratuek, erreka alboan. Euren zurruntasunak eutsi ezin zuen tristura, edo gainbehera nabarmentzen zen horma koloretsuetan, koloretsu desgastatuetan. Denborak zaharkitutako paretetako bizitzak ere alde egin zuela iruditzen zitzaizularik lantzean behin, zergatik jakin gabe. Bazuten eta izan ere, xarma. Edo karma. Modernitatearekin nahasten ziren etxe retroei begiratzen zenien begietara galdetuz, nola iritsi ote zinen horraino, bizitzako puntu horretaraino. Denborak aurrera egin ahala ere bertan jarraitzen baitzuten, zut, eraikin kurbatuek. Begiak zimurtuz leihoak okertzen zenizkion, izkinetako lorontziak kolore hutsal bilakatzen zenituen, urtuz sargoriaren sargoriarekin argizarizkoak balira bezala.







   

lunes, 14 de marzo de 2011

mi corasó

Maite zaitut zu, potxola :)