PROKRASTINAZIOAREN ONDORIOAK

martes, 22 de marzo de 2011

botoi zopan Zulorik ez,



Eta zergatik galdetzen diozu begietara begiratzean. Zergatik egiten ote zioten min etxe lerratuek, erreka alboan. Euren zurruntasunak eutsi ezin zuen tristura, edo gainbehera nabarmentzen zen horma koloretsuetan, koloretsu desgastatuetan. Denborak zaharkitutako paretetako bizitzak ere alde egin zuela iruditzen zitzaizularik lantzean behin, zergatik jakin gabe. Bazuten eta izan ere, xarma. Edo karma. Modernitatearekin nahasten ziren etxe retroei begiratzen zenien begietara galdetuz, nola iritsi ote zinen horraino, bizitzako puntu horretaraino. Denborak aurrera egin ahala ere bertan jarraitzen baitzuten, zut, eraikin kurbatuek. Begiak zimurtuz leihoak okertzen zenizkion, izkinetako lorontziak kolore hutsal bilakatzen zenituen, urtuz sargoriaren sargoriarekin argizarizkoak balira bezala.







   

lunes, 14 de marzo de 2011

mi corasó

Maite zaitut zu, potxola :)

miércoles, 9 de marzo de 2011


Zergatik lehertzen ote dira xaboi burbuilak?

miércoles, 2 de marzo de 2011

Letraz letra

 Abenduren bateko iluntze batean
Egun on laztana:

E letra zapaldu dut, guztiz zapaldu gabe. Logureak harrapatu banindu bezala, indarrik gabe banengo bezala. Leun, teklatxoa ferekatzera bakarrik heldu naiz, zapaltzera heldu gabe.

G letra ukitu dut gero, zure gerrialdearen kurbak imajinatu ditudalarik. Dantza arabiar bateko pausuak egiten dituen sugeak zeharkatu du gela. Zure gerria ari naiz ukitzen, mendi diren zure aldakak. Eta haietara igotzean bihurgunetan galdu naiz. Zorabiora heltzear ia.

U letra ia ukitu gabe. Erori naiz ia, behera, bukaerarik ez duen maldatik bezala, errealitatea suizidatuz bezala.

N Batzuetan galdua sentitzen da nire sudurra, behe lainoa dagoenean esaterako, eta zure sudurra bilatu nahi izaten du. Hanketako ileetan zehar hasten da nire sudurra zure sudurraren bila, belaunetan, izterretan, zilbor azpiko ileetan gero. Ez du topatzen. Ezta zure ezkerreko besapean, ezta zure ezpainen umeltasunean, ezta zure kokots azpiko haizean. Zure sudurra bilatzen du nire sudurrak bakarrik sentitzen denean. Ez du etsitzen topo egin arte, eta elkar aurkitzen dutenean erortzen da etsipenera. Bata bestearen usainak dastatzen dituztenean. Zurea aurkitzean.

O biribilari segundo erdia ere ez diot eskaini, perfektuegia baita momentu biribila izateko. Zanpatu egin dut, gogor.

N hemen da berriz ere. Zure sudurrak nirea ukitu nahi izan du, eta nireak ihes egin dio. Agian, erratu egin da norabidez haizea, eta okerreko mezua ekarri du postontzira. Agian horrek esperantzaz mozorrotzen du etsipena, errealitatearekin haserretuta dagoen esperantzaz. Eta pentsatzen dut agian niretzat direla zure begiradak, agian... Agian maite nauzu. Edo agian ez naiz bizi, baizik eta biziraun, zalantzez elikatuz.

L liraina da zure gorputza izara kapaz estalia, egun beroetan. Laztan bakoitza leuntzen dute zure hatzek nire azalean, izarapean. Edo izarpean.

A sakatu dut arin, lotsati. Gorritu egin da ikusi orduko, barra gaineko begirada heltzean bezala. Segundo t'erdiko elkarrizketa mantentzen saiatu da baina ezin izan du heldu lurrazpian sartzeko tentazioa eta txikitu egin da. Txiki, txiki, txiki.

Z idatzi dudanean pentsatu dut zure rizo batean kartzelatuko nintzatekeela. Inoiz ez askatzeko.

T letra. Mihiaren puntaz paseatu naiz zure ezpainetatik. (Euria ari du). Mihiaren puntaz busti ditut zure ezpainak. (Euria ari du). Ahoa zabaldu duzu. Hasperen batek ihes egin dizu, eta neure ahoan sartu da, nire hatsarekin nahastuz. Kiribilduz.

A iritsi da berriro. Lotsatu egin da. Gorritu. Begirada biluziegi batez begiratzen zaitudanean zure masailak lotsatzen diren era berean. Hiru segundo eta erdiko begirada batez irentsi nahi zaitudanean bezala.

N eta berriro egiten dute topo nireak eta zureak. Nire sudurrak eta zure sudurrak. Elkar maitatzen dira, musukatzen.

A sakon hartu du arnasa, begi urdinak aurkituz parean. Eutsi dio begiradari eta ostruka garaiak alde batera utzi ditu, zokoratuz.

Hankak irekiarazi dizkizut. Musu bat eman dizut orkatilan. Beste bat belaunean. Beste bat izterrean. Beste bat, klitorian. Ezpainak busti dizkidazu, beste bat eman dizut. Ahoan.

Eta idatzi nezake M bat, maitasunez egingo nizulako maitasuna. Edo A eta I bat; gugatik, Itzi. Edo T bat, nire barruan eragin duzun terremotoagatik. Eta E bat, egunsentiengatik. Z zugatik, laztana. A eta I gugatik, esan dizut: Itziar eta Alaitz. Edo aldrebes. T, terremoto bat baino gehiago direlako: bi edo hiru, lau edo bost. (Edo akaso gehiago). U edozergatik, edozer idatziko nizukeelako. Eta T maite zaitudalako, terremotoz- terremoto, letraz- letra.

Alfabetoko letra guztiekin frogatuko nizuke maite zaitudala erakusten duen teorema. Eta gehiago asmatu beharko nituzke. Zeuretzat bakarrik. Letrak falta zaizkidalako, zer sentitzen dudan azaltzeko. Edo nik neuk ulertzeko.

Edozer idatz niezazuke. Edozer, Itziar. Inoiz irakurriko ez duzun gutun hau, adibidez.

Baina ez dizut ezer idazten, egunero esaten baitizut, goizero- goizero, ileak orraztu gabe zatozenean, eta logura diren begi horiekin barre egiten didazunean. Egunero esaten baitizut, letra bakoitza hasperen bat bailitzan, arnasestu bat, taupada bat; egunon, laztana.

Hala ere, zu ez zara konturatzen; zu ere okupatuta zaudelako beste horri ezer esan gabe dena esaten. Letraz- letra.

Eta, letraz- letra, zeure


Alaitz

 Alaine Agirre