PROKRASTINAZIOAREN ONDORIOAK

lunes, 28 de febrero de 2011

Lehorgailua iritsi zenekoa

Goizero esnatzen zen amama, garbitu berriak eguzkitan jartzera. Koloretako gantxoekin heltzen zituen ikuzkailutik irtendako arropak, leihoa guztiz koloreztatzen zutelarik. Herriko plazatik amamaren etxera begiratzen genuenean, aurreko egunean erabilitako kulero edo praka zikinak aurkitzen genituen balkoia adornatzen, loreen gisara. Barregurea eta guzti sartzen zitzaigun lotsatu egiten ginelarik, masailak gorrituz auzoko guztiek ikusiko zituztela pentsatze hutsarekin. Amamak, harro, leiho ondotik eskua luzatu eta agurtu egiten zigun, irribarre zabalarekin ahoan.

Loreak urteekin batera simelduz joaten dira, eta hala egin zuten amamaren balkoikoek ere.

viernes, 4 de febrero de 2011

Bat




Begiradek konplizitatea isladatzen dute gau setatuetan. Harrapatu egiten zaituzte. Ohartzen zara posible dela, bai, oharkabean sentitzea, laztanek kutsatzea. Haragiak usain berezia botatzen duenean irekitzen da sabela, batez ere gau hutsetan. Oihartzunak kobazulo ilunetan inkilino bihurtzen dira une batez, dragoi ezkutuekin batera, argitara agertzen direlarik berotasunak ito beharrean-edo, akituta. Gorri. Bero. Behera. Azal leuna ferekatzen dute armiarma txikiek, kili-kiliak eginaz bizkar atzetik, lepondoan hats goxoak bidaiatzen duelarik ezkutuko lekuetatik. Ilunean, haran eztiek euren birjintasuna erakusten dute, beste behin.

Iparrorratzaren beharrik gabe, orinak irakurriz soilik aurkitu duzu bidea, poro izerditsuek izar hotzak ikustean ernaldu dutelarik gorputz guztia zeharkatzen duen ikara. Propultsionatutako taupada. Bihurguneetan zehar galdu da, odolak berotutako asperenak lepoa luze tenkatzea eragin duelarik. Loratu egin da, klimaxa, eta azazkalen iltzada gorputzean, estua.

Baina ezinezkoa da berunak konplizitaterik sentitzea.
Hotzak lotzen du.