PROKRASTINAZIOAREN ONDORIOAK

domingo, 3 de enero de 2010

ROSA

Goiz ilunaren artetik, itsasoa entzun zezakeen urrutira. Olatu ahulak hondarraren gainera igotzen ziren, astiro, sentsualki. Amodioa egiten zuten presarik gabe, deskantsurik gabe.

Haserretzen zenean beldurra ematen zuen aintzira izugarri hark. Dantzan hasten zenean etzion edonork jarraitzen bere tangoari. Gerritik ondo heldu, burua ondo atzean zuela, munduaren bestalderaino eramaten zituen biraka bere hanka luze lirainekin, berarekin sartzera ausartzen zirenak; erritmoari jarraitzeko aukerarik eman gabe.

Gau hartan ordea, ez zen tangorik, bals leuna baizik. Pozik zen, gustura. Bere soinekorik politenagaz, maitalearengandik gertu-gertu hari zen dantzan. Intziri apasionatuak iristen ziren Rosaren belarrietara, sentsualak, orgasmikoak... kili-kiliak egiten zizkion gaueko dama ederrak areari, leun, eztiki, goxo...

Rosak askotan pentsatu ohi zuen bere maitalea noizbait iritsiko zela. Berak ere nahi zuen dantzatzen ikasi, lotsarik gabe, olatuen gisan. Berak ere maitatua zela sentitu nahi zuen, hainbestetan entzundako maitasuna zer zen jakin. Noizean behingo bihotzaren balada ahulak ziren bere errutina mikatzaren goxagarri, eta zoritxarrez, ez nahikoa. Bals on bat dantzatu nahi zuen.